XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Mexico euskal inbertsioen eske

Mexico sukar tropikal bat izango balu bezala bizi da 1992an.

Merkataritza Libreko Tratatuaren sinaduraren atarian.

Estatu Batuekin eta Canadarekin hitzartu behar duen itun honek izan ditzakeen ondorioak kezkagarriak izanik, egoera berriari aurre egin ahal izateko Mexico ahalik eta babestuen abiatu nahi du bidaia horretara, hau da, ahalik eta gehien indartu nahi du ekonomia porrotik izan ez dadin.

Finantz eta ekonomi sukar honen zurrunbiloan goi mailako 90 enpresari ekarri dituen euskal ordezkaritzak lehentasun osoa izan du agintari eta komunikabide mexicarrentzat.

Mexicoren aldetik mezua argia izan da eta Jaime Serra Puche Merkataritza eta Industria ministroak aditzera eman zuen ihardunaldi ekonomikoetako hasierako ekitaldian: konpetitibitatea ziurtatzeko baldintzak ditugu, beraz inberti ezazue Mexicon.

Komunikabide mexicarrek ere berahala ulertu dute aukera.

Eusko Jaurlaritzak mexicarrekin koinbertitu nahi du, izan zen ostegunean bospasei egunkarik aukeratutako titularra.

Serra Puche ministroaren eskaintza EAEko dirua Mexicon inbertitzeko eskaera zen, baina oso trebe apaindua.

Konpetitibitatea lortzeko bost baldintza aipatu zituen Serra Puchek: politika ekonomikoen egonkortasuna eta iraunkortasuna, eskala handiko merkatuak izateko aukera, ekonomia espezializatuen bidea, aukera teknologikoa eta enpresek merkatuaren seinaleak argi eta garbi jasotzea.

Alde bataren zein bestearen babes diplomatikoan, EAEtik etorritako enpresariak ari dira mugitzen.

Ohizkoa duten zuhurtasunarekin, eta ihardunaldi ekonomiko euskal mexicarren itzalean.